David Tijero Osorio. 1974ko irailaren 3an Bilbon
jaioa, Injenieritza Elektronikoa ikasia du Euskal Herriko Unibertsitateko
Zientzia eta Teknologia Fakultatean
eta Kantabriako Unibertsitatean Fisikan lizentziatua da. Zenbait lanetan
ibilia, batez ere informatika, itzulpengintza eta irakaskuntzarekin
zerikusirik dutenak. Zorrotzako Euskal Txokoa izeneko elkarte kulturaleko
koordinatzailea izan zen, elkarte honek argitaratzen duen aldizkarian
parte hartuz. Gaur egun enpresa baten sistema informatikoen kudeatzailea
da. Euskal Idazleen Elkartearen zuzendaritza batzordekidea da, Kalegats
edo Aux.magazine bezalako aldizkarietan kolaboratzailea da.
Hogei bat literatur sari jaso du, aipagarrienak izanik, Irun Hiria Olerki
Saria (2001), Ordiziako Kimetz Literatur Saria (2003), Lasarte-Oriako
Literatur Lehiaketa (2003) Urretxu-Zumarragako Iparragirre Saria (2004),
edo Santurtzi Udalako Ipuin lehiaketa (2005). Zenbait lan argitaratu
ditu, besteak beste: “Dendako Leihotik” (Kutxa, 2001), “Izarrak
itsasoan hiltzen dira” (Ediciones Beta, 2004), “Isilaldiak” (Bermingham,
2005). Horretaz gain, zenbait ipuin eta olerki bildumatan hartu izan
du parte, esate baterako, 2000. urteko Tene Ipuin Lehiaketan “Kometa
gorria” ipuinarekin, Poema Bonbardaketa Gernikaren gainean 2004ko
ekitaldirako bi poemekin (“Soldaduaren gutuna” eta “Lore
inozenteak”), Galeusca bilerarako egindako “Tradizioa eta
disidentzia” izeneko liburuan “Disidenteak, disidentzia” poemarekin
2005. urtean edo urte berean Beta argitaletxeak argitaraturiko “Gorria
eta beste kontakizun batzuk”, “Musu baten garrantzia” ipuinarekin.
Esku artean duzun liburu honen zenbait poema Donostiako Gurya Elkarteak,
Bilboko Gerekiz Elkarteak eta Muskizeko Topo Kafeak sarituak izan ziren.
|